Gune erdaldunean kokatutako ikastetxea dugu Basauri Ikastetxea, Irakaskuntza Koop. Elkartea. Hortaz, erronka handia dugu hizkuntzaren normalizaziorako. 1970. urtean ateak lehenengoz ireki genituenetik, betidanik eman izan diogu euskarari merezi eta behar duen lekua. 2010ean Ulibarri programan sartu ginen, eta ordutik hona, euskararen presentzia eta erabilera bultzatzeari dagokionez, aurrerapauso garrantzitsuak eman ditugu.

Egitasmo honetatik abiatuta, egun euskararen alde lanean gogotsu jarraitzen dugu, gure hizkuntzaren presentzia eta erabilera bermatzeko, jakin badakigulako gure egoera soziolinguistikoa zein den. Hori dela eta, ezinbestekoa ikusten dugu, ikastetxearen egunerokotasunean hainbat ekintza abian jartzea, hala nola, euskara eguna, Olentzero, Osasun eta Euskara astea, Agate Deuna, zenbait mailatan (Bigarren Hezkuntzan ere bai) euskararen erabilera eskolaren esparrutik at bultzatzeko egonaldiak, etab.

Helburu berberei eutsita, eta gure hizkuntzaren erabilera bultzatu nahian, Basauriko Udaletxeak zein beste erakunde batzuek herri mailan antolatu ohi dituzten hainbat proiektu, ideia eta ekintzatan ere parte hartzen dugu (Zuztarluze programan, euskararen aldeko kanpainetan, Korrikan eta abarretan).

Baina, zein da Basauri Ikastetxearen filosofia? Askotan euskararen erabilera eskola esparrura mugatzen da; izan ere, ikasle gehienen ama hizkuntza erdara da, eta euskararen normalizazio linguistikoa aintzat hartuta, gure hizkuntzak euskarriak behar ditugulakoan gaude, zenbait ingurunetara hurbil dezagun. Benetako ikaskuntza-irakaskuntza prozesua ez da gela baten hormen barrura mugatzen; benetako ikaskuntza-irakaskuntza prozesua ikastetxearen mugak gainditu eta egunerokotasuna hartzen duena da, eta horixe da gure xedea.

“EREITEN EZPADA, EZ DA ALTXATZEN”